XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ikuspegi zaharra esatean, ez gara ikuspegi txarra esaten ari, nahiz eta askotan zaharra eta txarra sinonimotzat hartu.

Zaharra esatean, antzinakoa esan nahi dugu eta, aldi berean, senaren araberakoa, planteamendu ororen aurrekoa.

Eta, agian, marra etenak adierazten du egokien zer-nolako lotura dagoen, ikuspegi honen arabera, binomioetako bi errealitateen artean: nola teoriaren eta praktikaren artean, hala gizartearen eta hezkuntzaren artean.

Bai: uste dut egokiago dela marra eten hori, mintegi-saioan erabilitakoa baino; hark erabateko haustura adierazten baitzuen eta honek, aldiz, nolabaiteko lotura, osoa ez bada ere.

Honek, era berean, egokiago islatzen du binomioetako elementuen arteko oreka ere; hala-holako oreka, baina oreka azken batean.

Irudiaren mugak eta arriskuak!

Ikuspegi teknikoak, berriz, hautsi egiten du oreka hori.

Ez du etsitzen senarekin eta planteamendu orokorrekin.

Zehaztu egin nahi, eta objektibatu, eta zenbatu, eta neurtu.

Eta binomioetako alde bati ematen dio lehentasuna eta nagusigoa, eta horren mende ipintzen du bestea: praktika teoriaren mende eta hezkuntza-jarduera administrazioaren mende.

Horrela, garbi dago nondik nora joango diren aginduak eta arauak eta orientabideak.

Horixe adierazi nahi du geziak.

Oreka apurtzen denean, noizbait azalduko dira, lehenago edo geroago, galdutako oreka bere onera ekarri nahiko duten indarrak.

Halaxe gertatu da hemen ere.

Hor sortu eta sendotu da, pixkana-pixkana, praktika eta hezkuntza-jarduera lehenetsi duen ikuspegi praktikoa, oreka berriro ere apurtzeraino, baina oraingoan beste muturrera eramanez alderakarga.

Ikuspegi praktikoaren arabera, praktika eta eguneroko jarduna da nagusi, eta horren mendeko izan behar dute teoriak eta hezkuntza-erakundeek.

Oraingo honetan, geziak kontrako norabidea du.

Ikuspegi dialektikoan, ordea, bi norabideak hartzen ditu geziak, eta berreskuratutako oreka adierazi nahi du.

Baina oreka hau ez da antzinako oreka; oreka berria baizik.

Ez da sen hutsezko oreka.

Onartu eta bereganatu egiten ditu, baliozkoak diren neurrian, ikuspegi teknikoen eta praktikoen ekarriak, eta harreman dialektikoan ipintzen ditu, elkarrekin, binomioetako elementuak teoria eta praktika, gizartea eta hezkuntza, elementu bakoitzari dagokiona aitortuz, bestearena ukatu gabe.

Hori baita dialektika: kontraesanak gainditzeko bidea.

Askotan, izan ere, oreka ez dago erdian; beste maila batean baizik.

Horra hor, lehen hurbilketa moduan, lau jarrera edo ikuspegiak.

Baina ez ginen azalpen horretara mugatu mintegi-saioan.

Gehiago ere landu genituen, kasu-azterketa baten bidez.

3.2. Kasu-azterketa: Irakasle bekadunak

Kasu-azterketan, lau irakasle bekadunen jarreraz eta ikuspegiaz jabetzeko aukera izan genuen.

Ariketa errealagoa egiteko, irakasleak IVAPerako lanean ari zirela esan genizuen; baina, hori bai, izenak-eta aldatu egin genituela.

Ariketa, ordea, Carr-en liburutik hartua dago (1996: 68-75. or.) eta gure egoerara egokitua, nola-hala.

Barkatuko ahal digute IVAPekoek!

Lau irakasleen jarduna aztertzen hasi aurretik, egoeraren berri eman genizuen: zertan aritu ziren irakasleak eta zertarako.